naiz: GAUR8 - mila leiho zabalik - «Nire lan pertsonalena da, barnetik ateratakoa, eta baita ausartena ere»
Kantari hernaniarrak bere musika eta pentsaera ezagutzeko parada ematen duen diskoa argitaratu du, eta kontzertuak eskaintzen ari da lana deskubriarazteko.
«Nire lan pertsonalena da, barnetik ateratakoa, eta baita ausartena ere»
Nola deskribatuko zenuke zure azken diskoa?
Nire lan pertsonalena da, nire barnetik ateratakoa; ausartena dela ere esango nuke. Nire pentsaera azaleratzeko ausardiatxoa izan dut lehen aldiz, biluzten hasteko, baina pixka bat neurtzen. Izan ere, nire buruari ere zentsura jarri diot, kanturen bat edo beste apartatu egin dut.
Esan dezaket protesta kantu mota bat biltzen duela. Ez da inperialismoari buruzko protesta, finean ezagutzen baitugu zer den. Nolabait gure erantzunarekin ados ez egotearen ondorioz egindako hausnarketa bat da. Astindu bat eman nahi diot herriari esateko gogoeta dezan mintzatzen ari garen moduaz, gure herriari dagokion kokapen horretatik hain urrun joanez. Herri menderatu gisa izan beharko genukeen jarreratik, nire ustez, oso urrun. Guk geronek desagerrarazten dugu gure herria, gure jarrerarekin, ontzat emanez gauza batzuk, eta ia ez hitz eginez hainbat gauzez.
Zein da hitzen garrantzia?
Zein hitz erabiltzen den eta zein ez garrantzitsua da. Esan ohi da hizkuntzak berak pentsaera eragiten duela. Gizakiok hizkuntza asmatu dugu, baina hizkuntzak berak gero gure pentsaera moldatzen du. Adibide bat jartzearren: harritu egin ninduten orain dela hamar bat urte ikastolako batzordean nengoela aztertzeko iritsi zitzaizkigun dokumentu batzuek. Hor ikusi nituen konplexuek eragindako hainbat diskurtso. Esate baterako, aipatzen zen euskaldunak garela, baina unibertsalak. Baina, nik diot, euskalduna zarenez zara unibertsala.
Badirudi aldarrikatu behar dugula euskaldunak garela baina ez garela gure zilborrari begira, mundu guztia bere zilborrari begira dagoenean. Bidaian joaten bazara konturatzen zara denek dauzkatela beren banderak, eta ez hori bakarrik, baita beren armadak ere, mundua nazionalista dela. Estatu nazionalista eta gainera zapaltzaileak dira.
Besteok, defendatzen ari garenok, azkenaldi honetan justifikatu egin beharra izaten dugu, eta anitzak garela aldarrikatu, Euskal Herria anitza dela. Baina hori ez da kontua; kontua da nork agintzen duen hemen. Niri berdin dit zein koloreko jendea dagoen hemen
Hitzak erabiltzerakoan badirudi gu ere difuminatzen goazela. “Herria” hitza ez esateagatik erabiltzen dugu “gizartea” askotan, eta gizartea esatearekin ukatzen dugu herri bat dagoela. Zein gizarte da aipatzen dugun hori?
Ausardia aipatu duzu. Zer ikuspegitik ausartu zara zu zeu, ikuspegi kritiko horretatik?
Bai, alde horretatik. Era berean, hori bai, harritzen nau esan didatelako ausarta naizela, eta kezkatzen nau. Iruditzen bazaie ausarta dela ni esaten ari naizena, uste baino okerrago gaude. Azken finean, basamortu bat bezala da. Sentitzen da Euskal Herria desagertu balitz bezala, baina era berean negar egiten dugu. Badakigu zerbait ez dagoela ongi, konturatzen gara nola erasotzen ari diren hizkuntza, hezkuntza... Atal batzuk dauzkagu ez daudenak ondo, eta ez dira babestuta egongo estatu bat ez dugun bitartean. Edo hori eduki ezean, gutxienez jakin arte nola gauden, hau da, diagnosi bat egin beharra dago. Ezin da ukatu zerbait okerra dagoenik oinarrian; ezin da adarretatik hasi zerbait konpontzen, lehenengo enborra dago, eta gero hizkuntza, hezkuntza eta beste atal guztiak.
Hegoaldean azkenaldian, eta Iparraldean aspaldidanik, hedatu da identitate kontuak, nortasun kontuak utzi behar direla, atzerakoiak direlako. Garrantzia dutenak gizarte kontuak dira. Baina nor izan gabe zer egin daiteke? Identitate gabe zerbait egin al daiteke? Ez, beti da identitate bat; orduan zureari uko egiten badiozu, beste bat hartzen ari zara. Guk ezetz uste dugu, identitateak alde batera uzten ditugu, eta gizarteaz hitz egiten dugu. Aldiz ez gara konturatzen joko horrekin beste identitate bat hartzen ari garela; Hegoaldean, espainola, eta, Iparraldean, frantsesa.
Zu zeu sentitu zara ausart edo jendeak sentiarazi zaitu horrela mezu hori transmititzean?
Ni kontziente nintzen gauza horiek esaten dituen jendeak, adibidez Pako Aristik, arazoak dituela. Aristi arbola astintzen hasi da eta erasorik handienak etxetik etorri zaizkio, bere taldekideengandik, herritarrengandik, abertzaleenengandik. Orduan, horren kontziente izanik, pentsatu dut zerbait esan beharra dagoela; ezin dugu gelditu hori ukatzen, ezkutatzen eta beti negarrez. Eta gero hori sentiarazi didate.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina