2015(e)ko abenduaren 10(a), osteguna

GARA - Islandiara joaten ziren baleontzien istorioa, gazteei kontatuta. Nafarroako Ikastolen Elkarteak euskarara eta ingelesera ekarri du «1615 Islandia: Gartziaren istorioa», Tapio Koivukarik finlandieraz idatzitako ipuina. Kontakizunaren oinarrian 1965ean Islandian erail zituzten euskal arrantzaleen gertakaria dago.

GARA - Islandiara joaten ziren baleontzien istorioa, gazteei kontatuta



Laurehun urte igaro dira Islandian balearen ehizan
zebiltzan 32 euskal arrantzale erail zituztenetik. 1615eko irailean,
ekaitz batek baleontzia txikitu ondotik, Islandian hilabete luzez geratu
beharrean suertatu ziren euskal arrantzaleak eta, bertako agintariekin
arazoak izan ostean, euskaldunak akabatzeko agindua eman zuten. Aurten,
hedabideetan albiste izan da Islandiako Gobernuak euskaldunak hiltzea
baimentzen zuen legea indargabetu izana eta, horren harira, Etxepare
Institutuak eta Islandiako-Euskal Herriko Lagunen Elkarteak kongresua
egin zuten Reykjavic-en eta berradiskidetze ekitaldia ere egin zuten,
aurtengo apirilean.


Historiako pasarte horretan oinarrituta, Tapio Koivukari
idazle finlandiarraren “1615 Islandia: Gartziaren istorioa” liburua
aurkeztu zuen atzo Nafarroako Ikastolen Elkarteak. Liburua finlandieraz
idatzia bada ere, ostean islandierara itzulia izan zen eta, aipatu
elkartearen ekimenez, orain euskaraz eta ingelesez ere irakur daiteke.


Argitalpenak Gartzia Aranbururen istorioa kontatzen du. Orain 400
urte, euskal kostaldeko mutil gazte hau baleontzi batean kontratatuko
dute upelgile ikasle modura. Tripulazioa Islandiara bidean doa, balea
ugari ehizatu eta onura ekarriko dien bidaia dela sinetsita, baina
zenbaitek mespretxuz begiratzen diote Martin de Villafranca kapitain
handinahiari. Behin Islandian, Gartziak hainbat lagun egingo ditu,
tartean Kristrun neskatila gaztea, eta, etxeratzeko ordua iristean,
bat-bateko ekaitzaren ostean baleontzia hondoratu eta arrantzaleek lur
ezezagun horretan harrapaturik ikusiko dute euren burua. Berehala
ohartuko dira bertako bizilagunek mehatxutzat dituztela orain
euskaldunak.


Munduarekin konektatzen
Liburuaren aurkezpenean azaldu zutenez, argitalpenaren helburua «gure
ikasleei euskal historiaren parte den liburu hau eskaintzea da;
ikastola bezala munduarekin konektatzen gaituen liburua eta nafar itsas
bizitzari aipamen egiten diona». Era berean, istorioak «gure arbasoak
zein egoera latzean bizi ziren» agertzen duela gaineratu zuten.


Argitalpena munduko hainbat txokotan osatu dela ere azaldu zuten:
Finlandian idatzia izateaz gainera, Xabier Irujo Historia Garaikidean
doktore eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko
zuzendarikideak koordinatu du Renotik, Uruguain editatu dute, Donostian
inprimatu da eta marrazkiak (Fidel Azkoaga Igartza elorriarrak egin ditu
ilustrazio lanak) eta tapakiak, aldiz, Iruñean egin dituzte. «Hau
guztia posible izan zedin, ezinbestekoa izan da Irujoren koordinazio
lana», nabarmendu zuten.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina