Marxismo-leninismo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Marxismo-leninismo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko abenduaren 19(a), larunbata

naiz: GAUR8 - mila leiho zabalik - Nostalgiak

naiz: GAUR8 - mila leiho zabalik - Nostalgiak

Orain hiru bat aste, Bilbon, zereginik gabeko goiz batez eta hiri bat ezagutzeko biderik onena periferiatik ibiltzea dela pentsatuz, Otxarkoagara igo nintzen, Asier Mendizabal artistak MACBAn eta Reina Sofian “Otxarkoaga M-L” lana (auzoan dauden Marxen eta Leninen bustoen gaineko gogoeta) erakutsi zuenetik buelta bat ematekotan bainengoen. Busto horien historia luzea da. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean Madrilgo enbaxadak ez zekien zer egin irudiekin eta Parla herriko komunista taldeari eman zizkien bi bustoak, baina Udalak ez zien herrian jartzen utzi eta 1993an iritsi ziren Otxarkoagara. Ordurako auzo elkarteak gestioak eginak zituen Bukaresten hango plaza batetik Leninen estatua handi bat ekartzeko ere. Bustoak ezarri zituzten baina ez zuten bakerik izan; gau batez tirokatu egin zituzten eta auzo elkartekoak haien ordez Txabi Etxebarrietaren irudi bat jartzera iritsi ziren eta Basta Ya-k auzitara jo zuen. Kontua da Asier Mendizabalek pasadizo horien gainean eraiki zuela monumentuei, iraganari eta presenteari buruzko bere arte egitasmoa.
Kostata iritsi nintzen bustoak dauden tokira, ez baitago Euskal Herri osoan hainbeste harmaila duen auzorik. Egon nintzen hamar bat minutu irudiei begira (uste dut azken urteotako turista bakarra nintzela), gogoetan murgildua eta tarteka nostalgiaren zimikoak sentitzen nituela, nahiz eta badakidan iraultzaile batek ez duela nostalgiarik sentitu behar, etorkizunarena izatekotan ere. Horrela nengoela metro batzuetara kiosko bat ikusi nuen eta, egunkaria erosi gabe nenbilenez, gerturatu eta “Egin” bat eskatu nion nahi gabe saltzaileari, lapsus arrunt bat, oso normala burua iraganean nerabilela kontuan izanik. “Egin”-ik ez zuela, baina “Gara” bat emango zidala esan zidan eta erantsi zuen nola mutikotan hasi zen auzoan “Egin” banatzen.
Handik astebetera egin genuen Parisen ikasketak egiten ibili ginenon urteroko bazkaria. Aurtengo gertakariak tarteko, Bataclan izan genuen hizpide, garai hartan (70eko hasieran) Arroako pilotari ohi batena baitzen, striptease lokal bat bezalaxe. Atentatuek izan zuten lehentasuna, noski, baina nostalgia ariketa batzuk izan ziren bazkalondoan.
Segidan Durangoko Azoka etorri zen eta IƱaki Aldekoaren “68ko belaunaldia” irakurri dut, gure gaztaroko ideia eta gertakariei buruzko collage ederra. Hor ere nostalgiaren zimikoak tarteka badira, 60ko hamarkada bereziki utopiena izan baitzen.
Orain Imanol Muruaren bigarren liburua daukat zain eta hor, hala espero dut, ez dudala nostalgiaren zimikorik sentituko. •

2015(e)ko abenduaren 8(a), asteartea

KIMETZ:Euskararen zapalkuntza."Gure proiektua espainiar estatu inperialista suntsitu eta iberiar nazioen estatu-komuna konfederala ezartzea izanik, ezinbesteko dugu hizkuntza minorizatuen muga nazionalak gainditzea, konfederazio osora hedatuz. Horrelako politiken tankerakoak aplikatuak izan dira dagoeneko estatu burgesetan, Suitzan kasu, bideragarritasunaren froga dena."

Komunistok nazio auziarekiko dugun planteamendua argia da: nazioak desagertzera bideratuta daude komunismoaren atzeneko fasera heldu eta batera. Baina desagerpen honek berezko fusio progresiboa eskatzen du, zapalkuntza oro borrokatuz (burgesiaren interesekoa baino ezin baita izan) eta berdintasunean ezarriz desagerpen hori. Hortaz, honek nazioen konfigurazioa aldatzea dakar iraultzarekin batera; eta beraz, hizkuntzena ere bai. Asko dira Euskal Herrian euskaraz kontsigna darabiltenak, eta esan daiteke gu horrekin ados garela. Baina lehen aipatutakoaren harira, euskara ezin liteke Euskal Herrira mugatu, ezinezko bailitz horrelako egoeran berdintasunera heltzea gainontzeko hizkuntzekin. Gure proiektua espainiar estatu inperialista suntsitu eta iberiar nazioen estatu-komuna konfederala ezartzea izanik, ezinbesteko dugu hizkuntza minorizatuen muga nazionalak gainditzea, konfederazio osora hedatuz. Horrelako politiken tankerakoak aplikatuak izan dira dagoeneko estatu burgesetan, Suitzan kasu(1), bideragarritasunaren froga dena.

Komunistok, ezinbestean, burgesia monopolistaren politika etnozidak salatzen jarraitu beharra dugu, hizkuntza zapalduen eskubideen alde. Nazio askapena indar burgesek bideratu izan dutenean, askapena nazionalki partziala izan da beti, erabateko edo besteko zapalkuntzak iraun baitu (gaelikoarena Irlandan, kasu). Euskararen kasuarekin antzera gertatzen zaigu, soilik klase borrokaren bidezko botere berriaren (proletarioaren) sortzeak eta zaharraren (burgesaren) zanpatzeak eraman gaitzake Euskal Herriko hizkuntzaren bermera. Hortaz, iazkoan esandakoak errepikatu eta zaharrak berritzea tokatzen zaigu: akaso, euskara iraultzarekin ez dela salbatuko; baina iraultzarik gabe ziur ezetz.
Oharrak:
(1)Suitza potentzia inperialisten tarteko herrialdea izanik, ez du aliantza zuzenik horietako batekin, eta hortaz, bere izate plurala mantentzea komeni zaio. Suitzan, alemana, frantsesa, italiarra zein erromantxea hizkuntza ofizial dira herrialde osoan, nahiz eta bakoitza parte batekoa baino izan berez, alemanaren erabilera nagusi izanik usadioz herrialdearen hiru laurdenetan.
ITURRIA: Kimetz.